
EHNE Konfederazioa, ENBA eta UAGN nekazaritza-abeltzaintza erakundeok gaur Irungo mugan bildu gara, Nekazaritza Ministerioaren (MAPA) jarrera epelaren aurrean abeltzaintza-sektoreak sentitzen duen babesgabetasunaren haserrea agerian uzteko. Jarrera hori Dermatosi Nodular Kutsakorraren hedapenaren aurrean eta Europar Kontseiluak UE-MERCOSUR merkataritza-akordioa onartzearen aurrean izan da.Nekazaritza-abeltzaintza erakundeok ozen eta argi ondokoa OIHUKATU nahi dugu:
• Beharrezkoa da Frantziar estatuarekin mugakide diren autonomia-erkidego guztiak osorik txertatzea. Ez zaigu nahikoa iruditzen Euskal Autonomia Erkidegoan Gipuzkoa bakarrik txertatzea, ezta Nafarroako Foru Erkidegoko iparraldeko zerrenda soil bat txertatzea ere. Erkidego bereko ustiategien eta hiltegien arteko mugimendu ugariek erabat justifikatzen dute erkidego osoa txertatzeko eskaria.
• Bi erkidegoetako herri mendi ugarietan osasun-hustuketaren gaia berriro aztertzea eskatzen dugu. Izan ere, mendi horietan, zenbait kasutan, erkidego, lurralde eta, hala badagokio, txertatutako eremuetako animaliak eta txertatu gabeko eremuetako animaliak elkarrekin bizi dira.
Uste dugu herri mendietan (komunalak), ehunka edo milaka abelburu dituzten eremuetan, osasun-hustuketa ezartzea kolpe suntsitzailea litzatekeela sektore osoarentzat, bai ekonomikoki eta produktiboki, bai eta animikoki ere.
• Espainiako eta Frantziako agintariei, baita tokiko agintariei ere, mugan kontrol handiagoa eta zorrotzagoa eskatzen diegu, edo, bestela, osasun-arrazoiak direla medio, Frantziako ganaduaren sarrera aldi baterako debekatzea. Asko dago jokoan, eta gai honetan eskumena duten administrazio publikoen lankidetza behar dugu.
• Baserriei zuzendutako zuzeneko laguntzen sistema aldarrikatzen dugu, bai banakako sakrifizioen ondorioz kaltetu direnei, bai osasun-hustuketaren ondorioz kaltetu direnei ere. Sistema horrek, besteak beste, honakoak jaso behar ditu: merkatu-kotizazioen araberako kalte-ordainak abereen sakrifizioagatik, animaliak berriz erosteko kalte-ordainak, jardueraren aldi baterako etenagatik kalte-ordainak, eta ustiategian kutsatu litezkeen lehengai eta produktu guztiak ezabatzearen ondoriozko kalte-ordainak.
Tokiko agintariek egoeraren mailako laguntza-sistema ezarri behar dute, aurrekontu nahikoa izango duena, positibo baten edo osasun-hustuketaren kasuan ustiategi bakar bat ere gal ez dadin, edo gutxienez ekoizpen-ahalmenaren galera ahalik eta txikiena izan dadin.
• Europako Batzordeari eskatzen diogu beharrezko neurri arautzaileak har ditzala, positibo bat gertatuz gero, ustiategi osoaren osasun-hustuketa aplikatu ez dadin, eta gaixotasunean positibo ematen duten animaliak bakarrik sakrifika daitezen. Horretarako, ezinbestekoa da Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren (MAPA) jarrera proaktiboa izatea, eta jarrera hori falta sumatu dugu.
Osasun-hustuketa bakoitzak, sektorearen batez besteko adina kontuan hartuta, ustiategi horren itxiera automatikoa dakar, eta hori, gurea bezain ahula den sektore batean, sektorearen heriotza geldoa litzateke.
• Bestalde, UE-MERCOSUR akordioa onartzeko prozesuan Gabonetako etenaldiaren ondoren, eta Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek keinu ia antzeman ezinak eginagatik, Europako gobernuek, salbuespen gutxi batzuk kenduta, bizkarra eman diote Europako abeltzaintza-sektoreari, eta behi-aziendaren sektorea Hego Amerikako haragi-sektore ahaltsuaren esku utzi dute, enpresa eta korporazio handien eskutan alegia.
• MERCOSUReko herrialdeetatik inportatzen diren nekazaritza- eta abeltzaintza-produktuek elikagaien kalitate- eta segurtasun-estandar berberak, ingurumeneko eta animalien ongizateko baldintza berak eta Europar Batasunak bere ekoizpen-sektoreari eskatzen dizkion lan-baldintzak bete ditzatela eskatzen dugu, horrela, Europako kontsumitzaileek Europako elikagaiak kontsumitzen dituztenean lortzen duten elikadura-berme bera izan dezaten.
• Horregatik, eurodiputatuei, baina bereziki EAEko eta Nafarroako ordezkariei, akordioaren berrespena bazter dezatela eskatzen diegu, eta lerroka daitezela ordezkatzen omen dituzten Abeltzainekin. Azkenik, Europako Parlamentuko hainbat eurodiputatu eta talde politikok bultzatutako ekimena aurrera aterako dela espero dugu: UE-MERCOSUR merkataritza-akordioa Europar Batasuneko Justizia Auzitegian (EBJA) errekurritzea, Europako tratatuekin bateragarria den ala ez bermatzeko eta, horrela, haren berrespena geldiarazteko.