Azken hilabeteotan bero sapak eta euri faltak lehen sektorearen panorama okertu egin du belardiak gorrituz, baratzak kixkaliz eta, estresa termikoaren ondorioz, abereen ekoizpena murriztuz.
Honen aurrean, aurreko astean, ENBA nekazal sindikatuak, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza sailera eta hiru lurraldeetako Foru Aldundietako Nekazaritza saileetara jo zuen, orain 3 urte bezala, Klima Aldaketa eta Nekazaritzaren mahaia dei dezan, lehen sektoreko eragile eta administrazioen arteko elkarlanean, lehortearen eraginaren jarraipena egiteko eta eszenario guztiak aztertu ostean, balizko neurriak baloratzen hasteko.
Belardiak gorritzean eta forraje uzta gutxitzean, aziendaren elikadura negurako panorama zailtzea suposatuko du eta baserritar asko, hara eta hona hasiak dira, nahiz belarra, lastoa nahiz forraje bila eta ondorioz, eskabidea ugaltzean materien prezioa igoeraren lehen adibideak ari gara ikusten.
Beraz, esan bezala, espero dugu, Klima Aldaketa eta Nekazaritzaren mahaia lehenbaitlehen ospatzea irailerako utzi gabe.