
Basurdeen kalteak jasaten ditugunak gu gara, baserritarrak. Ezin dugu negurako belarrik ganoraz bildu basurdeek larreak harrotu dizkigutelako. Ezin ditugu gure uztak jaso, haiek jan egin dituztelako.
Gipuzkoako Foru Aldundiak onartu du basurdeen populazioak gora egiten duela esponentzialki. Ehiza dela basurdeen populazioa kontrolatzeko erabiltzen den neurria. Iaz , esaterako, Gipuzkoan 1.300 basurde ehizatu ziren eta hala ere populazioak gora egiten du.
Entzun ahal izan dugu basurdeak hiri inguruetan “gehienbat” kontrolatzen direla. Landa ingurunean bizi garenok zer gara bigarren mailako herritarrak? Basurdeek istripuak eragiten dituztela eta aseguruak ez direla horren kargu egiten… Arazoa denona da eta gero eta larriagoa bihurtzen ari da. Ez dugu basurdea desagertzerik nahi, baizik eta gainpopulazioa kontrolatzea.
Arrasateko baserritarrek ikusi dute urteak joan urteak etorri hainbat eskualdetan basurdeen kalteen kontrola egin egin dela, baina eskualde honetan, Debagoienan, arazoa areagotu egin da. Kalteak geroz eta gehiago dira. Debagoienan ehiza egitea suertatzen zaion koadrilak ez dio aurre egiten arazoari (kontrolaren ardura eskualde bakoitzeko ehiza koadrilak du).



